Metroa Donostian beharrezkoa ala ez?
- Amaia Celigüeta Zarco
- 22 oct 2017
- 1 Min. de lectura
Duela askotik dago Donostian metro bat egitearen proiektua. Baina beharrezkoa al da benetan? Nire ustez ez. Agian ez du zentzurik orain honen inguruan hitz egiteak proiektua dagoeneko onartu baita eta obrak laster hasiko baitituzte baina nire ustez garrantzitsua da.
Ezetz esateko nire arrazoi handiena ekarriko dituen onurak kontuan izanik benetan hiriak behar ez duen eta oso garestia ateratzen den proiektu bat dela iruditzen zaidala da. Proiektu honen tamaina ikusirik hiritarrei galdetu beharreko zerbait dela uste dut.
Proiektua existitzen den ibilbidea jarraitzea eta luzatzean datza, bi estazio gehiago jarriz. Orain dagoen moduan topoa Amaran, Easo plazan, geratzen da (zentrotik 5 bat minutura oinez eta Kontxatik 8). Behin Amarara iritsita egin duen ibilbidea berriro egin behar du aurrera jarraitu ahal izateko. Proiektu honekin Amarako estazioa “pasante” izatera igaroko litzateke eta Kontxan eta Antiguoko auzoan bi estazio berri eraikiko lirateke.
Proiektu honek izugarrizko obrak suposatuko ditu. Metroa hiriaren erdikaldetik igaroko da inguruko etxeei kalte eginez. Kontxako hondartzatik 33 m-tara (lur azpitik) pasako da azkenean, Kontxako pasaleku osoa zeharkatuz, Antiguora iritsiz. Proiektu hau gauzatzeko hiriaren zati handi bat urteetan zehar obraz beterik ikusiko dugu.
Bilbo, Paris, Madril edota Londres bezalako hirietarako zentzuzkoa da metro bat izatea, behar baita, baina Donosti hiri txikia da, oinez zein bizikletaz erraz zeharkatu daitekeena. Gainera garraio publiko nahiko ona du, hiria osorik batzen duena eta hiritarren beharrak asetzen dituena.
Den proiektu handirako gutxi batzuk soilik lortuko dituzte etekinak. Nire ustetan metroaren proiektuaren atzetik interes politikoak besterik ez daude, Donostik dituen beharrak aseko ez dituen proiektu oso garesti moduan ikusten baitut. Beste arrazoi logikorik ez diot ikusten.

Comments